Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkartea – Bihodi Proiektua eta bertako ahotsak (Organoa, Txistua eta Ahotsa).
2025eko urtarrilak 3 | 19:00
Tourseko San Martin Eliza
Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak (AAORL), organoa, txistua eta bertako ahotsekin osatutako kontzertua antolatu du datorren urteko urtarrilaren 3an, 19:00ean, Lesakako San Martin elizan. Honetan parte hartuko dute Ignacio Arakistain organistak eta Peio Irigoien txistulariak; Lesakan osatutako laukote bokala eta zeharkako txirula baten kolaborazioa izango dute, baita ere. Kontzertuko irudiak elizaren barruko pantaila batean proiektatuko dira, eta, horri esker, entzuleek koruan musika nola interpretatzen duten ikusi ahal izango dute. Sarrerak Lesakako Telletxea eta Xagu liburu-dendetan erosi ahal izango dira (baita elizan ere, kontzertua baino lehen), 5 euroan, borondatezko ekarpen gisa.
Ignacio Arakistain Agirre Azpeitian jaio zen, 1998an. Musika munduan bere lehen pausuak herriko Juan de Antxieta musika eskolan eman zituen. Ondoren, bere ibilbidea, Donostiako Francisco Escudero erdi mailako kontserbatorioan jarraitu zuen, Junkal Guerrero irakaslearekin piano ikasketak eginez. Bere herrian hasi zituen, baita ere, organo ikasketak, Jose Luis Frantzesena irakaslearekin. Saritua izan da Euskal Herriko Musikari Gazteen lehiaketako tekla kategorian eta Donostia Hiria sariketan, berriz, Enrique Lartundo fundazioaren aipamen berezia jaso zuen. Burgosen ospatutako III. Francisco de Salinas Organo Lehiaketa Nazionalean hirugarren postua lortu zuen, bestalde. Donostiako Musika Hamabostaldian, Bizkaiko Hotsak zikloan, Nafarroako Organo Zikloan eta beste hainbat ziklotan parte hartu du. Kalifikazio gorenekin amaitu zituen 2021ean bere ikasketak Musikene, Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian, Esteban Landart, Loreto F. Imaz, Monica Melcova edo Karol Mossakowski maisuekin lan egin ostean. Etengabea izan da bere parte hartzea hainbat proiektu kulturaletan eta 2019an bere lehen konposizioak Galerak proiektuaren baitako diskan kaleratu zituen. Ganbera-musikaren alorrean, nabarmentzekoak dira Garazi Navas akordeoi-jolearekin zein Peio Irigoyen txistulariarekin gauzatutako proiektuak. Bestalde, 2022ko urtarrilean VI. Donostiako Orfeoia-Musikene Saria jaso zuen, Valentin Larrea (1876-1970) konposatzaileari buruz eginiko lanagatik. Vienako Musika eta Arte Dramatiko Unibertsitatean bere masterreko ikasketak amaitu berri ditu, Pier Damiano Peretti maisuarekin lan egin ondoren. Egun, Tolosako (Frantzia) Conservatoire a Rayonment Régional Xavier Darasse instituzioan formatzen dihardu.
PEIO IRIGOIEN
Peio Irigoien Boda Irunen jaio zen 1992an eta bertako musika eskolan tronpeta eta txistu ikasketak hasi zituen Miguel Echepare eta Ion Irazokirekin, hurrenez hurren. Tronpeta ikasketak bertan jarraitu bazituen ere, txistu ikasketak Donostiako Musika Eskolan sakondu zituen, Aitor Arozenaren gidaritzapean. Musikene, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian amaitu zituen bere txistu ikasketak Aitor Amilibia maisuarekin. Irakasle lanetan jardun du azken urteotan Oiartzungo Soinuenean zein Bergarako Musika Eskolan. Arlo akademikotik at esperientzia zabala duen musikaria da. Inguruko zein atzerriko talde, pop-rock banda, koru eta dantza taldeekin aritu da. Bakarlari lanetan hainbat emanaldi eskaini ditu, haien artean Irun Hiria Musika Bandarekin, Donostiako Udal Txistulari Bandarekin edota Hondarribiko Txistulari Bandarekin. Irun Hiria Musika Bandako tronpetista izanik, Kemen Dantza Taldeko musikarien ardura eta Irungo Txistulari Bandaren zuzendaritza lanak uztartzen ditu gaur egun, Bilboko Udal Txistulari Bandarekin lanean diharduen bitartean.