Domiko – San Anton
Luzera: 16,5 Km.
Malda: +600/-600 m.
Ibilbide mota: Mendi bidea, bidaxka batzutan, desnibel haundia eta trazaketa luzekoa.
Agiñako gainaldetik (542m) Oiartzunera doan NA-4000 errepidea hartu behar da. Hegoaldera, Ikatzulo lepora doan pista hartu eta hego-ekialdera, Zumarreko Bizkarra goituko dugu, pistatik.
Porlanezko bide batetik pixka bat igo eta gero bidegurutze bat ikusiko dugu. Eskuin aldera dagoen bide zabal bat hartuko dugu Burnaiztegiko leporaino (715m), eta han, ehiztari-etxola bat ikusiko dugu. Ipar-mendebaldera, hagitz garbi ez dagoen bidexka batetik goituko gara, Artikutzaren muga adierazten duen itxituratik (844m, Lesakako tokirik altuena) Harrizko Etxola Gaineraino (825m).
Han, multzo megalitiko bat eta mugarri bitxi bat ikusiko ditugu (Orreagako kolegio-elizaren sinboloa duena, Artikutza hari atxikia egon baitzen garai batean).
Iparraldera, Errengako lepora jaitsiko gara (713m) eta bertze arrasto megalitiko batzuk utziko ditugu eskuin aldera. Pista batetik, Aritxulegiko gainera ailegatuko gara (481m). Tunelaren gainetik jarraituz, ekialdera, Erroilbide haitzaren (Aiako Harriak) azpialdean buelta emanen dugu eta San Anton-Endarako urtegiraino jaitsiko gara (240m) Aialdeko bentatik. Puntu honetan, GR11 ibilbidearekin topo egiten da. Urtegia errepidetik gurutzatu eta San Anton ermitaren ondotik, Olaberriko bentara goituko gara. Hortik, ekialdera bide bat hartuko dugu Tellegiko leporaino (412m).
Ondoren, bidea asfaltozkoa bihurtzen da eta Gardeleko bizkarrera (445m) ailegatuko gara. Mendebalderantz doan bide bat hartuz, Agiñako gainalderaino ailegatuko gara.
Ibilbidean zehar hainbat elementu aurkitzen dira, hala nola, iturriak, bi urtegi, ehiztarien txabolak, historiaurreko aztarnak eta bi ostatu-jatetxe.
Lesakara jaisteko aukera Lesaka-Domiko ibilbidea alderantziz eginez.
