Lesaka – Pagolleta (Artikutza)
Luzera: 6,6 Km.
Malda: +625 m.
Lesakatik (40m) Izotzaldea auzoan barrena bide maldatsu bat jarraituz Gaztegi baserriraino ailegatuko gara (160m). Ondoren, sigi-sagaka goiti eginen dugu, ur-biltegi bat pasata Beltzauko mendi-mazeletik igotzen den bideraino joanen gara (300m). Inguru honetan, meatzeetarako sarbide abandonatuak ikus daitezke.
Sastrineko leporaino joanen gara (435m), pista nagusia gurutzatu (mendi-bizikletentzako bidea) eta bidexka batetik goiti eginen dugu. Hurrengo bide-adarkaduran, ezkerretara hartuko dugu, Igantzi aldera, Unanuaren ipar-mendebaldeko mendi-mazeletik.
Eskuinera segituta, bide zelai batetik, Apittuko (525m) eta Itsaszelaietako lepoetaraino (504m; iturria) ailegatuko gara. Hortik mendebaldera, bide bat igotzen da pago eta haritz artean (tarteka, haginen bat ikus daiteke) eta bide hori hartuko dugu Pagolletako leporaino (645m, etxola bat eta iturria dago bertan).
Pagolletatik, bide balizatuetatik barrena joaten ahal gara Artikutzara (mendebaldera maldan behiti joanez), Izu mendira (hegoaldera), Bianditz mendira eta Domikoko urtegira (iparraldera).
