2012ko abenduak 19

Ongi etorri web berrira

Hemen dugu www.lesaka.net  berritua. Itxuraz gain, bertze hainbat berrikuntza ditu, denak ere garai berrietara egokitzeko xedearekin eginak. Ohartuko zarete oraindik badirela atal batzuk behar bezala funtzionatzen ez dutenak, eta lehen egunetan sortuko dira, ziurrenik, arazo gehiago. Horiek denak konpontzen joango gara eta honetan zure laguntza eskertuko dugu, denon artean web txukunagoa egin dezakegulako.

Krisia medio, udalak 012rekin zuen kontratua eten egin duenez gero bertze bide bat ireki du webgune honekin. Hemendik aintzina, Plaza Zaharreko bulegoa eta telefonoaz gain bertze bulego bat izanen duzu zure etxean bertan asteko zazpi egunetan irekia 24 orduz.

Aldaketak asko eta nabarmenak dira, hoberako espero dugu. Atal berri aunitz gehitu ditugu eta erabiltzaileen parte-hartzeari garrantzi handia eman diogu: komentarioak, alkateak erantzuten du atala, tramiteak online… Erabilerari dagokionez, berria den heinean, denok beharko dugu egokitu eta neurria hartzeko denbora.

Hauek dira web guneak izan dituen berrikuntzarik aipagarrienak:

  • Hainbat tramite online egiteko aukera: eskaera, uraren lektura eman, ziurtagiriak eskatu, erreziboak ordaindu…
  • Alkateak erantzunten du atala. Egin edozein galdera, kexa edo iradokizuna alkateari, eta bai galdera nola erantzuna publikatuko dugu.
  • Merkatu txikiaren atala jarri dugu. Bertan kalean aurkitu ditugun objetuak publikatuko ditugu, bulegoetara etorri beharrik gabe zerrenda kontsultatzeko edo abisu berriren bat emateko. Era berean iragarkiren bat jarri nahi baduzu, bidali iezaiguzu.
  • Sare sozialekin integrazio hobea, erabiltzaileen parte-hartzea areagotuz. Albisteak twiter eta facebooken ere argitaratzen dira, komentarioak egiteko aukera ere badago…
  • Udalak ateak ireki nahi ditu eta informazioa zuzenean zuenganaino helarazi. Horretarako dago buletina. sar ezazu zure emaila eta astero astero agenda, bando eta iragarkiak eta bertze hainbat albiste jasoko dituzu zure epostan unean uneko, beti informatua egon zaitezen.
  • Herritarraren iritzia jakin nahi dugu. Horretarako inkestak argitaratuko ditugu, zure iritzia garrantzitsua delako.
  • WordPress software askean gaur egun erreferentziazko plataforma da eta hazkunde, berrikuntza eta software librearen aldeko apostua geureganatzen dugu, are gehiago krisi garai hauetan.
  • Turismoaren atalari ere garrantzi berezia eman nahi izan diogu. Gure herria bisitatu nahi dutenek ahalik eta informazio gehien era errazean aurki dezaten.
  • Eta azkenik eguraldiaren aurreikuspena, argazki galeriak eta bertze hainbat gauzatxo sartu dizkiogu.

Sar zaitez eta klikatu han eta hemen eta eman zure iritzia.

ONGI ETORRI LESAKA.NET BERRIRA!

Volver arriba