2023ko martxoak 22

“Hamar urte, hamaika dinamika”

“Hamar urte, hamaika dinamika” proiektua abiatuko du Sorginxulo Lesakako kultur bilguneak Lesakako Udalaren laguntzaz, Harriondoaren 10. urteurrena ospatzeko.

Harriondoa kultur etxearen 10. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu ditu, Lesakako udalaren laguntzaz

Aurten Harriondoa kultur etxeak lehen hamarkada beteko du martxan paratu zenetik. Urtemuga hori abiapuntu hartuta, Hamar urte Hamaika dinamika proiektua martxan paratuko du Sorginxulo Lesakako kultur bilguneak Lesakako Udalaren laguntzaz, urte osoan gauzatuko dena.

Proiektuak bi begirada nagusi izanen ditu. Lehena espazio eszenikoei egindako keinua izanen da, batez ere Harriondoari, aurten hamar urte beteko dituelako. Antolatutako emanaldien zati garrantzitsua bertan izanen da, baina herriko karriketan ere ez da jarduerarik faltako.

Bigarren begirada herriko kultura arloko talde eragileei zuzendua dago, hala nola: soinulari taldea, trikitixa taldea, txistulari taldea, dantzari taldea, bertso eskola, antzerki tailerra, abesbatzak, herriko banda, erraldoien taldea, elkarteak, etab. Aspaldiko urteetan lanean ari dira, bakoitzak bere arloa sustatuz, bere bidea eginez. Hamaika dinamika beraz, Lesakako karrikak eta barrenak animatzen. Hau da Lesakari bizitza kulturala ematen diona egunerokoan, aniztasunaren islada, eta guziak proiektu honen talde antolatzailearen parte dira.

Aipatutako bi begirada horiek osatzen dute Hamar urte Hamaika dinamika proiektua, hainbat emanaldiren bidez gauzatuko dena eta bakoitzak talde eragile baten dinamika errepresentatuko duena. Horrela antzerki emanaldiak, bertso saio musikatuak, abesbatzak, dantza taldeak, erraldoiak, musika tresna desberdinen kontzertuak eta bertze sorpresa batzuk izanen ditugu ikusgai eta entzungai. Herriko eragileen eta talde profesionalen eskaintzak batera gozatu ahal izanen dira herrian.

Martxoaren 26an emanen zaio hasiera Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzerki lanarekin. Igandean 18:30ean izanen da Harriondoan eta dagoeneko sarrerak eskuragarri daude lesaka.eus webgunean. Ondoren etorriko dira Neomak taldearen trikitixa kontzertua, Anonyme Popular bertso emanaldia, Kukai dantza taldearen Hnuy Illa emanaldia, merkatu ttikia eta azoka kulturala, akordeoi jaialdia, erraldoien 75. urteurren jaialdia, Nafarroako orfeoia, Baztan Bidasoko Musika Banda, eta bertze zenbait.

Bertakoak eta bertara etorri nahi duen orok gozatzeko proiektua izan dadila nahi dute.

Agenda

  • Martxoak 26 ANTZERKIA: Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi (Kamikaz kolektiboa eta Ttak teatroa)
  • Apirilak 30 TRIKITIXA: Neomak taldearen kontzertua
  • Maiatzak 7 BERTSOA: Anonyme Popular
  • Maiatzak 27 AZOKA: Merkatu ttikia eta herriko eragileen azoka kulturala
  • Ekainak 11 DANTZA:  Hnuy Illa (KUKAI dantza)
  • Ekainak 25 MUSIKA:  Lesakako akordeoi jaialdia
  • Irailak 9 ERRALDOIAK:  Lesakako erraldoien 75. urteurren jaialdia
  • Iraila (eguna zehazteke) ABESBATZA: Nafarroako orfeoia eta Roques organoaren kontzertua
  • Abendua (eguna zehazteke) MUSIKA BANDA: Baztan Bidasoako Musika Banda-ren kontzertua

 

Volver arriba