Domiko – San Anton

Luzera: 16,5 Km.

Malda: +600/-600 m

Ibilbide mota: Mendi bidea, bidaxka batzutan, desnibel haundia eta trazaketa luzekoa.

Agiñako gainaldetik (542 m), Oiartzunera doan NA-400 errepidea hartu behar da. Hegoaldera, Ikatzazulo lepora doan pista hartu, eta, hego-ekialdera, Zumarreko Bizkarra goituko dugu, pistatik. Pixka bat goituko gara porlanezko bide batetik, eta ondoren, bidegurutze bat ikusiko dugu. Eskuin aldera, bide zabal bat hartuko dugu Burnaiztegiko leporaino (715 m), eta han, ehiztari-etxola bat ikusiko dugu. Ipar-mendebaldera, hagitz garbi ez dagoen bidexka batetik goituko gara, Artikutzaren muga adierazten duen itxituratik (844 m.; Lesakako tokirik altuena) Harrizko Etxola Gaineraino (825 m). Han, multzo megalitiko bat eta mugarri bitxi bat (Orreagako kolegio-elizaren sinboloa duena, Artikutza hari atxikia egon baitzen garai batean) ikusiko ditugu. Iparraldera, Errengako lepora jaitsiko gara (713 m), eta bertze arrasto megalitiko batzuk utziko ditugu eskuin aldera. Pista batetik, Aritxulegiko gainera ailegatuko gara (481 m). Tunelaren gainetik jarraituz, ekialdera, Erroilbide haitzaren (Aiako Harria) azpialdean buelta emanen dugu, eta San Anton-Endarako urtegiraino jaitsiko gara (240 m), Aialdeko bentatik. Puntu honetan GR 11 ibilbidearekin topo egiten da. Urtegia gurutzatuko dugu, errepidetik, eta San Anton ermitaren ondotik, Olaberriko bentara goituko gara. Handik, bide bat hartuko dugu ekialdera, Tellegiko leporaino (412 m). Horren ondoren, asfaltozko bide bihurtzen da,  Gardeleko bizkarreraino (445 mts). Mendebaldera doan bide bat hartuz, Agiñako gainalderaino ailegatuko gara. 

Ibilbidean zehar iturriak, bi urtegi, ehiztarien txabolak, historiaurreko aztarnak eta bi ostatu-jatetxe aurkitzen dira.

Lesakara jeisteko aukera Lesaka-Domiko ibilbidea alderantziz eginez.