Sanferminak

Sanferminak 2017

Besta Batzordea, apirilak 7, 18:00etan udaletxean.

Kartel eta portada lehiaketa>>>

 

Sanferminak 2015   Sanferminak 2015 

Aragazki gehiago>>>

Sanferminen inguruko bitxikeriak

Sei dantza tipiko daude Lesakan. Uztailaren 7an dantzatzen dira, San Fermin egunean. Prozesioa bukatu ondoren, Eskol Ttikira jaisten dira lesakarrak, eta, han, Onin ibaiaren ertzetan, Zubigainekoa dantzatzen dute ezpatadantzariek. XV. mendean Lesakako auzoek sinaturiko bake-itunaren oroigarria da Zubigainekoa.

Gero, Tantirumairuren doinuan, bandera airean ibiltzen dute, zubi gainean daudela.

Ezpatadantzariak eta bertze guztiak Plaza zaharrera abiatzen dira, eta, han, banderari dantzatzen diote berriz ere. Gero, bandera goititzen dute herriko etxera; ezpatadantzariek dantzaldia egiten dute, eta ohorezko arkua osatzen dute makilekin.

Jendea karriketan barrena prozesioan abiatzen denean, Makil-gurutze dantza dantzatzen dute dantzariek.

San Ferminetan, Ziarkakoa deritzon dantza dantzatzen dute.

Honako hauek dira bertze dantza batzuk: Zantzo-mononoa edo Mutil-dantza, Neska-dantza, eta aurreskuan. Aurreskuan, dantzari kapitainak dantza eskaintzen dio neska kapitainari.

Ezpatadantzarien janzkera

Errito-dantza denez, eta elizkizunei lotutakoa, bada horrek, oro har, antzeko dantza anitzen ezaugarri diren elementu batzuen erabilera baldintzatuko du; zuria oinarrizko kolore bezala, gorria hainbat jantzi eta osagarritarako, banda gurutzatuak, eskapularioak…

Ezpata-dantzari bakoitzak honako hauek janzten ditu: atorra eta galtza zuriak, espartin zuriak apaindura gorriekin, kotoizko gerriko gorria, kolore desberdinetako zinta gurutzatuak dituen eskapulario ikusgarria, galtzetara jositako bi oihal zati kaskabiloekin, eta txapela.

Espartinek espartzu zola dute. Telaren gainean, aurrealdean, oinbularrean, begizta formako azpildura gorria dute. Oinetako mota hau, Nafarroa eta Bizkaiko hainbat herritan erabiltzen den zinta gorriko espartin zuriaren antzekoa da.

Eskapularioak bi aldeetan angeluzuzen forma dauka (27×14 zm). Bi zatiak zinta gorriz lotzen dira (3×50 zm), eta horiek, sorbaldetatik pasatuz, bularretik bizkarrera doaz. Gogortasuna emateko neurri bereko kartoia edo artehuna erabiltzen da. Kartoi edo artehun hau bordatutako saten edo zeta zuriz estaltzen da. Angeluzuzen bakoitzean hiru zati desberdin daude hainbat apaindurarekin. Normalean bi muturretakoak berdin-berdinak izaten dira, eta erdikoak diseinu nagusia izaten du, hori ere, ondokoak bezal-bezalakoa izan daitekeen arren. Erabilitako gaiak ugariak dira: ohiko gaiak (lauburua…), eta orokorrean, Karmengo Amaren irudiak.

Kapitainak eskapulario desberdina darama, ikusgarriagoa. Aurrealdean, erdian, eukaristia-ikurra darama bordatua, eta horrek adierazten du, bertze behin ere, dantza hauek Corpus Christi bestarekin zerikusia dutela. Albo batean Iruñeko San Lorenzo Elizako irudian inspiratutako San Ferminen irudia dago, eta bestean, Lesakako zaindaria den Tourseko San Martinen irudia.

Eskapularioaren gainean, sorbaldan eta bularrean, zetazko zinta gurutzatuak jartzen dira, 10-11 zm zabalekoak. Dantzari bakoitzak 4 zinta daramatza, 4 kolore desberdinekoak.

Zurrumurru batek dioenez kolore hauek herriko banderarenak dira. Bistakoa da hau ez dela horrela, dantzariek erabiltzen dituzten koloreak banderarenak baino aberatsagoak baitira (Lesakako bandera arrosa edo gorri, zuri, hori eta berde kolorezko zeta zatiz egina dago).

Antzina kapitainak bertzeek baino zinta zabalagoak eramaten zituen.

Gurutzatutako zintak, alboan elkartzen dira, gerri inguruan, eta 30 zentimetroko zatiak gelditzen dira aske. Taldearen antzinako argazkietan ikusi daitekeen bezala eskapularioa lotzen duten bi zinta gorriak, luzeagoak ziren, eskapularioaren gainean gurutzatzen ziren, gehiengoa bistan utziz. Xehetasun hori egiaztatu ahal izan zen taldeko antzinako argazkiak begiratuta.

Zintzarriak eusten dituzten zatiak, aurrealdean, oihal edo feltro gorrizkoak dira, eta atzealdean, hari (tela) zurikoak. Luze-zabalean 23×18 zentimetro dituzte. Belaunpe inguruan jartzen dira. Lau zabaldura bertikal dituzte, euren artean 4,5 zm-ko tartea dutenak. Bai zabaldurak, bai alboak, zentrimeto bateko trenzadera zuriz azpilduak daude (zabalduretan alde bakoitzean zentrimeto erdia ikusten da eta horrela zabaldura berdina dute).

Pieza bakoitzak baditu hamabortz begizta, euren artean distantziakide direnak. Begizten zintek zabaleran zentimetro 1 eta luzeran 3 neurtzen dute. Zintetarako bi kolore erabiltzen dira (beste hankarenarekin bat eginez). Oihalean tolestutako zinta bat josten da, eta horren gainean, bertze bat bertze kolore batekoa, gurutze bat osatuz, eta, horren gainean jartzen da zintzarria.

Hamabortz zintzarriek, bere begiztekin, hiru lerro horizontal osatzen dituzte, eta bakoitzak baditu bortz zintzarri. Hauek ertainak eta letoizkoak dira.

Zati hauek bi zintekin lotzen dira galtzetara, bata gorria da eta bertzea urdina, eta alboak lotzen dituzte aztala inguratuz. Behin galtzetan jarrita, zintzarriak hanketako kanpoko aldera begira gelditzen dira.

Dantzariek belaunerainoko prakamotzak eramaten zituztenean, zintzarriak eusten dituzten prenda hauek galtzerdi zurien gainean jarri behar ziren, hanketara belauna azpitik loturik.

Badago bertze modelo bat modernoagoa, lau zabaldura izan beharrean hiru dituena, eta lau lerro, guztira hamasei zintzarrirekin.

Dantza egiten duten bitartean dantzariek txapel gorria daramate buruan. Gaur egun elementu hau beharrezkoa eta ordezka ezina da. Baina erabiltzen noiz hasi zen aztertzea interesgarria izan daiteke.

XVIII. eta XIX. mendeetako jantziak aztertuz, Lesakako dantzariek ilea bilduz buruan zapi bat eramaten zutela ziurta daiteke. Zapi horien gainean zapelak erabiltzen zirela ere pentsa daiteke, baina horri buruz xehetasunak falta dira.

Txapelaren erabilera inguru honetan zaharragoa dela dirudi. Lehendabiziko gerra karlistaren (1833-1839) ondorioz txapela erabiltzen hasi zela diote batzuek.

Hori ikusita, aldaketa aitzineko mendearen erdialdera egin zela pentsa dezakegu. Kontutan hartu behar dugu ere, erritual-giroan gaudela eta gogogabetasuna dela nagusi aldaketak egiterakoan. Garai hartan kapelua txapelagatik aldatzea ez zen lan erraza izan.

Dena dela, prozesu naturala eta onartua izan da, aitzineko mendean egin zen aldaketa bezala, orduan, galtzek praka motzak ordezkatu zituzten. Aitzitik, inoiz ez da planteatu, ez behintzat orokorrean, dantzarien jantziei dagokienez, atzera begiratzea.

Ezpata-dantzarien jantzietan bilakaera izan dela ikusten da. Aldaketa hauek bertze talde batzuetan egin direnekin bat joan dira, eta ez dira sekula kaltegarri jo.

***Txistulari aldizkaritik hartutako informazioa.

Lesakako dantzetan parte hartzen duten nesken jantziak

Gai honi buruz hitz egiteko bi gauza hartu behar dira kontuan:

-Eskualdeko hainbat herritan, Bera, Arantza, Doneztebe…, dantzan aritzen ziren neskek erabiltzen zituzten jantzi zuriak. Jantzi hauek neska bakoitzarenak ziren.

-Dantza hauek irekiak zirenez, alegia, ez zirenez dantzarientzat bakarrik, besta edo jantzi arrunta erabiltzen ahal zen.

Santiago Irigoien Jaunak dioenez, eta bigarren puntuan aipatu bezala, dantzarien hainbat ekitalditan neska bakoitza bere besta-jantziarekin ikusi izan zuen.

Hala ere, azken urte hauetan behintzat, lehendabiziko puntuan aipatu bezala, jantzi zuriak izan dira erabili izan direnak.

Janzkera honen barne, Lesakan gogoratzen den zaharrena da gona zuria gerruntze gorriarekin. Belaun azpiraino ailegatzen zen bi zerrenda (8 cm-koak) gorriko gona tolesduna zen. Espartin zuriak zinta gorriarekin eta galtzerdirik gabe erabiltzen ziren. Blusa zuria, sorbaldan lotuta eta itxita. Gerreuntza eskotatua, aurrealdean lokarriekin lotuta. Kapitainak sorbalda gainean zapi ikusgarria eramaten zuen.

1945 aldera, Iruñeko Gayarre antzokian taldeak emanaldia eskaini zuen, eta jantzia aldatu zen, antolatzaileen ustetan ez baitzen oso ikusgarria. Orduan jantzi berri bat egin zen. Tolesdun gona zuria egin zen, zerrenda gorririk gabe. Gona honen gainean beste bat zihoan barneko aldea gorria edo urdina zuena. Gainean zihoan gona hau gerriraino igotzen zen atzekaldean lotuz, kolore gorria edo urdina ikusten zen bitartean. Gerreuntza eta espartinen zinta gonaren azpiko kolorea bezalakoa zen. Neska- dantzarako neskak koloreak txandakatuz jartzen ziren.

Jantzi honen ondoren, lehen aipatutakoa erabili zen berriro, gaur egun Arantzako neskek erabiltzen dutena.

Gaur egungo jantzia Francisco Arraras Jaunak asmatu zuen. Kolore desberdinetako oihal gona luzeak, blusa zuria, kolore desberdinetako oihalezko gerreuntza (gonaren kolore desberdina), zapi zuria buruan eta zapata beltzak. Gerritik zintzilikaturik bi zapi zuri daude tolestuak, “neska-dantzan” erabiltzen direnak.

Neskak beraiek jantzia astuna eta beroa dela diote. Ia erabili ez den oihalezko jakatxoa ere badauka jantzi honek.

Orain dela urte batzuk, jantzien egoera eta berritzeko beharra ikusirik eta gai honetan adituak direnen aholkuak jarraituz, aldaketa batzuk egin ziren, mantala handiagoa, gona luzeagoa eta zabaltasun handiagoarekin, zapaten ordez espartinak …

***Txistulari aldizkaritik hartutako informazioa