Historia

JATORRIA

Agiña inguruan dauden trikuharriak eta mairu-baratzak dira gizakiaren lehen arrastoak Lesakan.

Lesakari buruzko lehen aipamenak 1203. urtekoak dira, eta Gaztelako errege Alfontso VIII.ak Hondarribiari emandako hiri-gutunean agertutakoak, hain zuzen. Hala ere, 1266. eta 1280. urteetako kontu-erregistroetan, ez da ageri Lesakatik jasotako inongo zergarik. Horregatik, badirudi XIV. mendearen lehen erdialdean sortu zela Lesakako herrigunea.

 

PRIBILEGIOAK

1402an, Karlos III.a erregeak gehitu egin zituen haren aitak lesakarrei emandako pribilegioak, Lesakak laguntza handia emana baitzion hari, muga defenditzen. Izan ere, garai hartan, Gipuzkoako bidelapurrak erreinura sartu ohi ziren, sari bila. Pribilegio haiei esker, kontzejuek alkateak eta almienteak gehienez ere lau urterako aukeratzeko eskubidea zuten. Horretaz gain, lesakarrek ez zuten zergarik ordaindu beharrik gotorlekuetako lanak ordaintzeko, eta ordenantzak onartzeko eskubidea ere bazuten.

1411an eraso bat izan zen, eta, haren ondoren, sute batek hartu zuen hiribildua; 88 etxebizitza suntsitu ziren. 1444an, Gaztelako soldaduek berriz ere suntsitu zuten hiribildua; ondorioz, Juan II.a erregeak zergak ordaintzetik salbuetsi zituen lesakarrak, 30 urtez.

 

GARAPEN EKONOMIKOA

1499. urtean, Joan Labrit eta Katalina errege-erreginek baimena eman zuten Lesakan hamabortzero merkatua eta urtero bi feria —hamabortz egun iraunen zutenak— egiteko. Horrekin batera, burdinolak ezarri ziren; hortaz, merkatu-feriei eta burdinolei esker, nabarmen egin zuen goiti gure udalerriaren garapen ekonomikoak.

Garai hartan, biztanle kopurua anitz igo zen. Hala, 1486an, 500 biztanle zituen Lesakak; 1553an, berriz, 264 familia bizi ziren hiribilduan, eta, 1646an, 293 familia. Adierazgarria da 1786. urteko datua: 2.035 lagun bizi ziren garai hartan Lesakan.

Bertzalde, 1958an ezarri zen “Lesakako Laminazioak” enpresa; harekin batera hasi zen industrializazioa Lesakan, eta goititik beheitira aldatu zen udalerriaren izaera.

 

ARMARRIA

XIV. mendetik hona, hiru fase ezagutu ditugu Lesakako udalaren armarriaren garapenean.

1373. urteko dokumentu batean lehen udal zigilua ageri da. Zigiluaren erdian, animalia bat ikusten ahal da, otso bat, seguruenik. Armarriak inguru-ertz laukiduna du, hau da, txandakako lauki txiki sail batez osaturikoa.

XVI. mendearen erdialdean, armarri konplexuago bat erabiltzen zuen udalak dagoeneko. Hartan, Bortzirietako armarrietan agertzen direnen antzeko armak ageri dira, Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin ere badira horrelakoak.

Nafarroako Armagintza Liburutik atera da haren irudia, eta gutti gora behera 1572. urtekoa da. Ikusten denez, Erdi Aroko sinboloak ageri dituzte armarriko bi laurdenek (otso bat gehitu zitzaien), eta azur kolorez (urdinez) eta gorriz margoturik dago armarriaren inguru-ertz laukiduna. Bertze bi laurdenetan, berriz, gezi- edo arpoi-mutur bana atzematen dira.

Azkenik, 1735. urteko arma-sinestamendu batean agertu zen, lehenbizikoz, gaur egungo armarria. Aitzineko armetan oinarritzen da azken armarri horren lehen laurdena. Bertze laurden batean, Nafarroako kateak ageri dira, eta gainerako biek (gurutze bat hodei baten gainean, eta bi abarka haritz baten inguruan) izaera mitologikoa dute. Izan ere, 714. urtean izandako bataila bati buruzko eta lesakarrek Antso Abarka erregearekin izandako harremanari buruzko irudiak dira.

 

BANDERA

Jatorriz, aitzinako bandera militarren ereduari jarraitzen dio; haietan, San Andresen gurutze gorria azaltzen da, hondo zuriaren gainean.

Lesakako banderak paper garrantzitsua betetzen du bestaburu zibil eta erlijiosoetan. Prozesioetan, halabardadun zinegotzi batek lagunduta joan ohi da bandera; halaber, 1681. urtekoa da halabarda.

Oroit gaitezen, mende anitzetan, eta mugarekiko hurbiltasunarengatik batez ere, herritarrek miliziak eratu ohi zituztela beren udalerrietan; alardeak ere egiten zituzten aldian-aldian, beren armamentua eta instrukzioa berrikusteko asmoz betiere.

Halaber, 1735eko arma-sinestamenduan —lehenago aipatua—, garbi ikusten da aspaldi-aspalditik zutela Bortzirietako alkateek pribilegio berezi bat. Hona testuko pasarte bat: “… Privilegio y Regalía de ser Capitanes a Guerra, los Regidores Alferez con Vandera, y los Regidores modernos Sargentos…” (Oharra: “erregidore” erraten zitzaion antzina zinegotzi-karguari).

Andoni Esparza Leibar

Lesakako Alkateak 1559 geroztik

Volver arriba