Bortzirietako Agenda 21

ZER DA BORTZIRIETAKO AGENDA 21?

Tokiko Agenda 21n daude Bortziriak. Ekimenera bideratutako gogoeta eta planifikazio estrategikoa aitzinatzen duen prozesua da. Tokiko edo eskualdeko esparruan garatzen da prozesu hori, eta, funtsean, bi irizpide ditu oinarri: iraunkortasuna eta herritarren parte-hartzea.

Beraz, planaren xedea da herritarren bizi-kalitatea hobetzea tokiko edo eskualdeko esparruan, ondoko ildoak integraturik: ingurumena errespetatzea eta babestea, gizarte berdintasuna eta justizia, eta ekonomia garapen orekatua.
NORK BULTZATZEN DU PROZESUA?

Hainbat erakundek dute Bortzirietako Agenda 21 plana abiarazteko eta garatzeko ardura: Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendua eta Etxebizitza Departamentuak; eta Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako Udalak (Nafarroako Gobernuarekin koordinatu eta lankidetzan aritzen dira). Halaber, Cederna-Garalur Toki Garapenerako Agentziak parte hartzen du proiektuan.

Toki erakundeak, eta, zehatzago, udalak garapen iraunkorra bultzatzeko eta bermatzeko agente nagusiak dira lurraldean. Bi dira protagonismo hori hartzeko arrazoiak: alde batetik, toki administrazioa udalerriak ingurumenari eta sozio-ekonomiari dagozkien arazoetatik hurbil egotea, eta, bertzalde, herritarrekin zuzenki harremanetan egotea.

Testuinguru horretan Agenda 21 planifikazio estrategikorako tresna gisa erabiltzen da. Aldaketa esanguratsu baten isla eta motorra da plana, bai toki administrazioaren antolakuntza ereduarena, bai administrazio horrek ingurunearekin harremanetarako ezartzen dituen arauena. Ondoko kontzeptuak loturik daude Agenda 21 planak barne hartzen duen tokiko gobernuaren ideia berriarekin: iraunkortasuna, zeharkakotasuna, koordinazio horizontala, sarean antolatutako gobernua, ikuspegi estrategikoa eta herritarren parte-hartzea.
ZEIN DIRA BORTZIRIETAN DITUEN HELBURUAK?

Azken finean, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako udalen, eta, finantzatzen duen erakundea denez, Nafarroako Gobernuaren helburuak dira herriko agente sozio-ekonomikoen eta Bortzirietako zerbitzuak kudeatzeari loturiko bertze entitate batzuen inplikazioa eta parte-hartzea. Terra-Prometea lantaldearekiko lankidetzan, elkarren arteko gogoeta eta ekintza kolektiboa bizkortzea eta finkatzea dituzte helburu, Bortzirietako etorkizun iraunkorraren garapenari buruz.

Hona hemen iraunkortasuneranzko bultzada berriaren oinarriak:

  • Gizarte alderdien, arazoen prebentzioaren eta iraunkortasunaren eztabaidaren aurrean ardura gehiago hartzea.
  • Balioak eta portaerak aldatzeko sakontzea.
  • Alor guztietan sektore publikoaren eta pribatuaren arteko administrazioen arteko koordinazioa bizkortzea, sareak sortzeko bereziki.
  • Iraunkortasuneranzko hezkuntza sartzea ingurumen politikaren maila guztietan eta garapen programetan.
  • Toki politikan herritar guztien parte-hartze osoa bultzatzea.

Hemen agertzen den informazioa zabaltzeko, Tokiko Agenda 21 ekimenari buruz Nafarroako Gobernuak duen webgunea bisitatu:

(http://www.cfnavarra.es/MedioAmbiente/agenda/Municipios/Bortziriak/Bortziriak.htm)