Hondakinen kudeaketa

Baztan, Malerreka eta Bortzirietako materia organikoa biltzeko aukeren azterlana

2012ko martxoaren 26an bilera bat egin zen Malerrekako Mankomunitatearen egoitzan. Bertan honako gai hau tratatu zen: materia organikoaren bilketa berezia Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateetan eta Baztango Udalean.

Bertara hiru zonaldeetako zinegotziak, Mankomunitateetako eta Baztango Udaleko langileak eta gaian interesa duten pertsonak hurbildu ziren. Aipaturiko bileran, eztabaidatu zen zein izan ahal izanen litzatekeen sistemarik onena materia organikoa bereiz biltzeko. Aukeren artean, hurrengoak hartu ziren kontuan:

  • Etxeko edo auzoko konposta
  • Edukiontzi marroia, itxia edo irekia
  • Atez ateko bilketa, hondakin mota bat, bi edo denak

Zinegotziek bere kezka erakutsi zuten aukera desberdinei buruz bazen datu tekniko eta, batez ere, ekonomiko eza zela eta. Horrek zailtasun handia sortzen zien alternatiba bat aukeratzeko garaian, ezin baitzuten bata bertzeekin alderatu, aukera bakoitzeko ezarpenaren ondorioak aurreikusi, edo bere puntu ahul eta sendoak ezagutu.

Azkenik, bai etxe bai auzoko konposta bultzatzea erabaki zen, eta alternatibarik onena bezala onartu zen herri txikientzat edo errepide nagusitik urrutiago daudenentzat. Bera, Lesaka, Sunbilla, Doneztebe, Irurita eta Elizondon familia bakarreko edo bi familiako etxebizitzetan bizi diren familien artean ere hondakin organikoak tratatzeko sistema hau sustatzea hitzartu zen, bai herrigunean bai auzoetan.

 Azken herri horietako gainerako biztanleentzat ezarriko den materia organikoaren bilketari dagokionez, aukera desberdinen azterketa tekniko eta ekonomikoa egitea hitzartu zen. Ikerketa honek alternatiba guztien alde onak eta txarrak ezagutzera emanen ditu eta aipatutako herrietan konposta egiteko beharrezkoak izanen diren giza baliabide eta baita tekniko eta ekonomikoak ere aztertuko ditu.

 Materia organikoaren inguruan ikerketa.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude