Doloreetako Ama Birjinaren Komentua

Eliz-Ondarea

Lesakako Doloreetako Ama Birjinaren komentua XVIII. mendeko komentu karmeldarra da. Ignacio de Arriola y Mazola indiano pasaitarrak ordaindu zituen orduko lanak; Cuzcon dirutza egina omen zuen hark, eta zilar landuzko zazpi kutxa bidali zituen Lesakara, komentua sortu eta behar bezala hornitzeko.

Jose de San Juan de la Cruz fraide karmeldarrak diseinatu zuen eraikinaren planoa; Logroñoko komentuan bizi zen hura. Oraindik ere ikusgai daude plano-egileak Lesakan 1767ko azaroaren 28an sinaturiko planoak.

Komentuaren aitzinaldea, berriz, Lorenzo de San Nicolás fraidearen proiektua izan zen, hark arkitekturari buruzko bere tratatuan sartua.

Elizako altzari artistikoak Independentzia Gerra garaian suntsitu zituzten. Erretaula nagusia ere suntsitu zuten, baina haren planoa gordetzen da, Jose Ramirezek sinatua. 1991. urtean, komentuaren zati bat eraitsi zuten, eta eliza besterik ez zen gelditu. 1993an, erretaula nagusia Andosillako elizara eramatea baimendu zuen udalak.

Gaur egun, elizaren fatxada ikus dezakegu eta, bertan, nitxo zentralean, Juan Adánek eginiko Doloreetako Amarbirgina. Alboetan bi armarri daude: eskuinekoa Arriolatarrena da; ezkerrekoak Arriola, Zelarain, Vértiz eta Bordako armak biltzen ditu.

2013ko abendua geroztik alboko eraikinean Harriondoa Kultur Etxea kokatzen da. Honez gain, komentuan turismo bulegoa eta Burdinaren Museoa bisita ditzakezu.

 

Volver arriba